Sarrera
Zera kontatu dit Kafkak…
2010 Maiatza 20
Ba omen daude bi gudu mota: zaldunen gudua eta
parasitoen gudua.
Lehenengoan, aurkariek indarrak neurtzen dituzte elkarren aurka, eta norberak bere indar hutsez irabaziko edo galduko du norgehiagoka.
Bigarrenean, parasitoen guduan, batak bestearen odola behar du borrokatu ahal izateko, parasitoak ez daki bakarrik kozk egiten. Borrokan hasi aurretik elkar hiltzen ari dira dagoeneko, elikatzen dituen hura odolustu nahian.
Beren buruaren aurkako gudu eskizofrenikoa…

KaNoNaK
2010 Apirila 22
Moldeetan kabitu beharra,
likidotu eta nonbait sartu.
Berotu 180ºCtara, berotu urtu daitezen.
Irabiatu eta isuri gero kontu handiz barrura.
Honela, moldeen neurrira egindakoek ere anarkismo deituko diote iraultza saiakerarik txikienari.

iZERDI hOTZA
2010 Apirila 16
Ahoan bueltaka urtzen ari zaizun gozokia bezain labaina da oraina. Barne-egoera baten isla ezgauza, hau edo bestea zuritzeko edo estaltzeko saiakera. Akatsetik asmorako pausu bat; gomutetatik ametsetarako abagunea, bidenabar… Hormigoizko paretaz mugatutako pasabidea da hitzok irakurtzeko hartu duzun denbora-tartea, orrialde horituak eta koaderno zuriak baino errealagoa beharko lukeen sasi-denbora.

Anakronismoak diakronia bortxatu eta izerdi tantak atzeman ditut likits-mingarri, segundo iheskorrez mozorrotuta.
neurE buruareN alabA
2010 Martxoa 2
Lozorroan, gogo-egoera barnerakoi horretan ari da harra formak irudikatzen, koloreak elkarren artean nahasten, harilkatuz, Kafkari ohore eginez, bere burua birsortzen.
Bi aldiz jaiotzeko aukera duelako da harra izaki pribilegiatua.
…ehuntzen ari zaizkit sabeleko harrak metamorfosirako zetazko izarak ehuntzen ari zaizkit sabeleko harrak…

Gorpuzkera arraroa, inurriturik giharreak, izerdi hotza, bulkada geldiezinak…
2010 Urtarrila 11
Txikitutako kriseiluaren printzak murtxikatu beharrean ni,
Trikuaren arantzak hatzetan sartuta ere laztan onberak marrazten zu.
Orainaren besoetan biharrari burlaka. Larruaren aseezinaz, nolabait, ziztadak lurrundu beharra.
bBURDIN gORIA eSKUETAN
2010 Urtarrila 7
Trena iritsi aurreko inoren eta inongo geltokian, patrikatik zigarroa atera eta erabat automatikoa zirudien mugimenduz ahoratutako keari arrotz iritzi diote dasta-papilek. Kea eztarrian behera sartu zaio arnasa hartzerakoan erabiltzen duen sakontasun berberaz, ia min emateraino.
Zigarroaren ke hariak, hotzaren ahora egindako arnasestuak, norkotu eta nongotu egin du geltokia. Kearen eta arnasaren dantzak desafioa luzatu dio errailen zurruntasunari, trenaren burdintasunari.

Ez da itxurakeria izan, berari bost begi anonimoak zelatan badaude edota sasi-argazkilariren batek egoera sikatzeko gogo bideraezina sentitzen badu. Zigarroa ahoratzean aktore izateari utzi eta inoren eta inoizko gidoiren bateko pertsonaia da orain.
Ez da zupada urduririk egon trenaren argia bistaratzearekin batera. Arnasa bertatik bideratu beharrean errailetara bota du zigarro piztu berria. Berotu, bigundu, deformatu eta moldatu egin nahi du burdinbidea bere gogamenaren gutizietara. Haurrak plastilinarekin nola, berak ere hala.
Inoren, inongo eta inoizko geltokira iritsi den lokomotorak balizko hodi loditik arnasa sakon hartu eta askapen pertsonala aldarrikatu du. Iraultza egin eta burdinezko harietatik libratu nahi du bere burua, marioneta izateari utzi, besterik ez bada ere, pelikulan, aiene akituak zigarroaren goritasunak sortuak izan daitezen.
tRAIZIOA
2009 Abendua 17

Polbora usaina dario bere ileari,
larrugorritan harrapaketetan genbiltzala atzeman diot belarri atzean.
mERKEALDIETAN
2009 Abendua 15
Sentimentuak salgai daude eskaparatetan
hezurretan
makilaturik
merkealdia dioten karteltxoetatik



azken erantzunak